XIX. mendeko zinemaren hastapenak - Iparralde DBHI - Ikasnova
XIX. mendeko zinemaren hastapenak - Iparralde DBHI
XIX. mendeko zinemaren hastapenak
2022/12/05
La Caixa Fundazioak produktu interesgarriak eskaintzen ditu. Urtero sortzen ditu erakusketa ibiltariak eta aurtengoak XIX. mendeko zinemaren hastapenak lantzen ditu George Méliesen ibilbidearen ikuspuntutik. Gaur, Iparralde ikastetxeko 3G-ko ikasleek bisitaldia egin dute eta balorazioa positiboa izan da. Hona hemen kronika.
Disclaimer/ardura deskargua (irakaslearen hitzak): Ezer esan baino lehen iruzkin bat egin nahi dut disclaimer edo balorazio gisa. Irakasle dabilen batek irteera perfektu batekin egiten du amets: motibazioa, esperientzia bat ikasleekin partitu; ikasleen beren interesei buruz, eskolaz kanpoko testuingurutik at hitz egin… Oso irteera politak gozatu ditut ia bi hamarkada ikasleekin ibili ondoren eta aspalditxo ez zitzaidala bat egokitzen. Oraingo honetan eskerrak eman nahi dizkiot La Caixari eskainitako gonbidapenagatik eta zoriondu nahi dut, bide batez, egin proposamenagatik.
Kronika: Hamaiketakoa patioan lagun artean gozatzen utzi ondoren 3 G-ko ikasleak deitu ditut ikastetxeko hesia aldera. Abisatu gabe neuzkan eta beraz sorpresa izan da haientzat. Misterioa eta kezka mantendu nahirik, zergatik ez gatz eta piper apur bat, zirikatu nahi izan ditut. Oraindik ez dugu elkar aski ezagutzen eta ez dute nitaz fidatzeko inolako arrazoirik. Haiek adarra jotzen maisuak dira; neu ordea haien ikasle fina bilakatu naiz denboraren poderioz. «Zuen adineko gazteak oso prezio onean saltzen dira merkatu beltzean. Baina tira zer nahigao duzue egun erdia Iruñan barrena ibili ala testuak aztertzen aritu klasen?» Elkarren artean begiradak gurutzatu artean erabaki dute hesia zeharkatzea. «Tira eskerrik asko laguntzeagatik Ja Ja.»
Hamargarrenez nora gindoazen galdetu didatenean jada Biurdana Ikastetxea gibelean utzia genuen. Kezka areagotzen zihoala ikusirik ironiaz esan diet talde bezala jokatuz gero ez zutela ezertaz arduratu behar. Ni neu txikitu nindezaketen hala nahi izanez gero. Baina aldaparen amaieran jasoko zuten erantzunen bat berandu gabe beraz pausua bizkortu dugu apur bat.
Sarasate pasealekuan eta foruen monumentutik hamar bat metrora hor genuen zain bi bagoidun trailerra: barruan sekretuak gordetzen dituelako tenplua baino, antzerki oihal gorri eta astunen atzean zer dagoen irrikitan jartzen gaituen gonbite limurtzaileko oholtza legez. Georges Méliès-ek azti eta mentalista sena oso hondoan zuen eta misterioz eta magiaz zipriztintzen zuen bere obra guztia. Tresneria berria asmatuz (zinematografoa) beirazko antzerkia eratu zuen grabazio plató moduan. eta irudimena beste mundu batzuetara garraiatzeko lehen zientzia fikziozko filma eskaini zuen Le Voyage dans la Lune 1902 urtean.
Gidari aritu den adituak fomatu egokia aukeratu du eta etengabe jarrera iradokitzaile batean oinarrituz ikasleen arreta bereganatu du. Horren erakusgarri da ikasle batek bota duena balorazioen txanda iritsi denean. «Zer da nabarmenduko zenuketena?»; «zure azalpenak» izan da Itzelen erantzuna. Txominen eta Iraideren ekarpenak ere nabarmentzeko modukoak izan dira.. Ostera San Fratxiskoko plazan eman ditugu hamar minutu solasean. Gazte atseginak, inondik ere. Azkenik, Gipuzkoa etorbidea jarraituz Iparralde bilatu dugu ortzimugan; gure etxea.