Iparralde DBHIko DBH 2. mailako ikasleek Itsas-laminak proiektuan parte hartuko dute

2019/09/24

Ekainean iritsi zitzaigun Iruñeko Udaleko Ingurumen Heziketarako zerbitzutik Itsas-laminak proiektuan parte hartzeko deialdia. Artea eta ingurumena uztartzen dituen proiektua da eta gai nagusi hartuta, itsaso eta ibaietako hondakin plastikoen arazoa eta gure kontsumo-ohiturekin duen lotura dauka.

Ingurumen Heziketako zerbitzuaz gain, proiektuan Biarritzeko Malandain Ballet taldeak eta Donostiako Cristina Enea Fundazioak parte hartzen dute.

Sirénes sorkuntzaren dokumentala

Balletaren aurkezpena eta Sirénes ikuskizunaren bideoaren laburpena ikusi hemen.

Deialdia ikusi eta berehala konturatu ginen gure ikasleentzat zein aberasgarria izan zitekeen horrelako proiektu batean parte hartzea. Iruñea osoko 15 taldek (Donostiako eta Miarritzeko beste ikasle taldeekin batera) zeukaten parte hartzeko aukera eta jakin bagenekien zaila izanen zela hautatuak izatea, baina iazko kurtsoko ondarreko egunetan ginela iritsi zitzaigun berria: Onartuak izan ginen!

Oso pozik gaude eman diguten aukerarekin eta gure ikasleek jasoko dutenetik ahalik eta etekin handiena ateratzea espero dugu. Zinez esperientzia ahaztezina izanen dela uste dugu.

Proiektuaren hasieran gure ikasleek saio koreografiko batzuk izanen dituzte institutura etorriko den Biarritzeko Malandain balleteko dantzari batekin (Urriaren 1 eta 3an) eta ondoren Donostiako Victoria Eugenia Antzokian Sirénes dantza ikuskizuna ikusteko aukera izanen dute (Urriaren 18an). Horren ondotik etorriko da ikastetxean Unitate Didaktiko oso bat garatzea, zeinaren bukaeran gure ikasleek sentsibilizazio kanpaina bat sortu beharko dute gaiaren inguruan gizarteak ardura har dezan.

Proiektuaren informazio guztia hurrengo loturan daukazue: Sirénes-Itsal-Laminak-Sirenas