Hobekuntza lanak Iparralde institutuan

2021/12/23

Abenduko bigarren astean opor egun batzuk zeudela probestuz Hezkuntza Departamentuak zenbait hobekuntza lan egin ditu gure institutuan.

Alde batetik leihate berriak jarri dizkigute goiko solairuko 8 gelatan. Hezkuntza Departamentuari aspaldi egindako eskaera da ikastetxe guztiko geletan pasabidera leihateak jartzea. Aurten, Hezkuntza Departamentuan diru partida bat guretzat gorde eta 8 gelatan bete dute eskaera.

Lanak abenduko zubian hasi ziren eta abenduaren 10ean bukatu zituzten, ikasleen saioetan eragin minimoa izan dutelarik. Lan hauekin gardentasuna eta argitasuna irabazten dugu eta anplitude sentsazioa handitzen da.

Hemen dituzue argazki batzuk:

  • Leihaterik gabeko pasabidea
  • Leihateak dituen gela

Ikasleek gustu handiz hartu dute aldaketa eta dagoeneko zortea izan ez duten taldeetako geletara leihateak noiz iritsiko diren galdetzen hasi dira. Aukera probestu nahi dugu Hezkuntza Departamentuari eskerrak emateko eta gure ikasleen eskaera ere luzatzen diegu. Esperantza dugu aurtengoa hurrengo kurtsoetan jarraipena izanen duen transformazio oso baten hasiera besterik ez izatea.

Bestetik, ikastetxeko ikasle eta talde kopurua handituz doanez, iaztik gimnasioa bitan banatzeko sistema baten beharra detektatu genuen, aldi berean gimnasio barruan bi ikastalde elkarri oztopatu gabe gorputz hezkuntza ematen aritu ahal izateko. Abenduko bigarren asteburuan lona mugikor bat jarri ziguten eta honezkero gimnasioa bitan banatzeko aukera daukagu.

Gimnasioa bitan banatzeko lona

Bukatzeko, patioko aterpean sare bat jarri digute usoek eta bestelako txoriek bertan habiak jartzea ekiditeko. Honekin pista garbiago mantendu ahal izatea espero dugu, orain arte usoek metalezko habeetan egindako habiengatik txori-kakaz beteta izaten baikenuen.