Baketik. Antzerki foruma - Iparralde DBHI - Ikasnova
Baketik. Antzerki foruma - Iparralde DBHI
Baketik. Antzerki foruma
2021/02/02
«Nire amodioa ene gorrotoaren muinetik jaio da! garaiz ikusi dut eta berant ezagutu. zorigaiztoko maitasun erditzea izango da alajainkoa!, maitatu behar baitut etsai ankerrena»
Julietak (Romeo eta Julietan)
2020ko abenduaren 9an. Juan Latienda
Bai ikasle agurgarri hori! Maitasuna eta adiskidetasuna altxor dira beldurrez eta aurrejuzguz beteriko gizarte honetan. Eta juzgurik gabeko adiskidetasuna suertatzen denean maiz dator zapuztera hainbestetan gaindiezina den gizartearen arrakala.
Romeok eta Julietak biek ala biek gainditu behar izan zuten auzia; biek kontsulta eta beren gurasoen babesa eskatu behar izan zuten. Utziko zenioke seme edo alabari ijito, musulman, abertzale, hiltzaile edota goardia zibil baten semearekin jolasten? Ezkontzen? Bidaiatzen?
Zuetariko askorentzat, Iparraldeko ikastetxeko ikasleok, zurrunbilo urrun bat baino ez da Euskal Herriak trantsizioaz geroztik bizi izan duen arrakala politikoa. Orbain ikaragarriak sortu ditu; gizartea zatituta, inondik ere.
Egun, gizartearen beldurrek (norbaitek akuilatuak eta sortuak maiz, gerrak bezala) beste pitzadura batzuk zabaldu dituzte eta mesfidantza hedatzen da etengabe. Baina nahigabeko aje horiek leuntzera etorri da Baketik-eko antzezle bikote bat. Antzerkia eta antzerki-ondoko hausnarketa egin dute ikasleak parte hartze aktiboa egitera gonbidatuz.
Hara hor ikusten ditugu Edward, Alaitz antzezpen inprobisatu batean… azkenean ausartu dira hurreratzen eta eskailburua zeharkatu dute bizkotxoa eskuan eramanik, gezur ustelen (pleonasmoa, gezur guztiak dira ustel) hartzaile bidegabea eta gutxietsia izan den Ismaelen atean jotzera:
«Zer moduz zaude» galdetu dute. «Eta zuei zer inporta zaizue?» erantzun du Ismael (aktorea) mesfidati batek. «Zera, sentitzen dugu gure jokaera urte hauetan ez da oso jatorra izan…» jarraitu du Irunek 4C-ko ikasleak.
Eta halaxe aritu dira ordu eta erdi luzez Donostiatik etorritako Oihana Maritorena eta Ander Iruretagoiena aktoreak egunerokotasunetik ateratako postalak antzeztuz. Maisutasun tekniko handiko artez lortu dute 4Cko ikasleen barrena mugitzea eta hunkitzea atsegin handiz. Mundu hobeagoa posible da. Jarrera baino ez da aldatu behar.