-PLAY +PLAY

2019/03/14

-PLAY PLAY Sanduzelaiko Osasun Astea Iparralde institutuan.

Martxoaren 11etik 15era Osasun Astea ospatuko da Sanduzelai auzoan. Iparralde institutuan auzoko erakundeekin bat egin dugu eta gure ekarpen txikia ere prestatu dugu. Lehenik eta behin, aste osoan zehar, erakusketa bat izanen dugu ikusgai, Nafarroako gazteei egindako inkesta baten datuetan oinarritutako aholku osasuntsuak jasotzen dituena. Bitartean, jostaldietan kirola sustatzeko proposamen ezberdinak egin dira azken hilabetean (badminton, pilota…)

Guraso elkartearen partetik ere, guraso ezberdinak 1 mailako geletara etorriko dira eta, ikasleekin batera menu osasuntsua eginen dute, errezeta batzuk prestatu eta kaloriak landuko dituzte.

Bestetik, irakasgai ezberdinetan, ohitura osasuntsuekin lotutako hainbat arlo landuko dituzte. 2DBHko tutoretzan sexu tailerra izango duten kanpoko profesional baten eskutik, matematikan, esaterako, estatistika gaia jorratu dute, gure ikasleen elikadura ohiturei buruzko datuekin edota eskolaz kanpo egiten dituzten jardueren inguruko informazioarekin.

Frantsesean elikadura osasuntsuaren gaineko hiztegia landuko dute, anbitoan dieta edota gosari egokien proposamenak prestatuko dizkigute eta erizain baten bisita izan dute. Eta, azkenik, Gorputz Heziketan, jakina, elikadura eta ohitura osasuntsuak aztertuko dituzte, motxilaren pisua, gorputzaren kokaera… eta kimball, kirol kolaboratiboa, ezagutzeko eta praktikatzeko aukera izanen dute. Eta bitartean, momentu ezberdinetan ematen ditugun pausuak (oinez egiten ditugun ibilbideak) neurtuko ditugu, ea guztion artean ilargiraino iristeko behar diren urratsak biltzen lortzen dugun!

Astean zehar auzoan izango diren hitzaldietan parte hartzera animatzen zaituztegu baita zuen egunerokotasunean egiten dituzuen pausuak kontatu eta  lehen hezkuntzako 3 eta 4 mailako ikasleak “ Goazen Ilargira” erronkan laguntzera (ilargirainoko distantzia pausuetan egin nahi dute, lagundu nahi izanez gero bidali zuen ekarpenak seme alaben bidez).

Osasun ona izan eta laster arte!