2021/22 ikasturtea Iparralden - Iparralde DBHI - Ikasnova
2021/22 ikasturtea Iparralden - Iparralde DBHI
2021/22 ikasturtea Iparralden
2021/10/20
Juan Latienda (irakasle atxikia)
Ikastetxeetan bada zuzendaritza talde bat eta egokitzen zaizkion betebeharrak, maiz, urruti xamar geratzen dira eskola ematetik nola hala ikasleen azterketa mardulak zuzentzetik. Alabaina, ikastetxe honetako zuzendaritza kideek oso argi dute, eta hasieratik, nonbait, mehatxatu zuten horrekin, ikasleengana iristeko modu desberdinak arakatu eta probatu nahi zituztela. Alegia, irakaslearen rola ez da ikasleen gainetik agintzen duen langile bat besterik gabe; proposamen didaktiko eraginkorragoak eta adeitsuagoak eskolaratzeko ahalegintzen den profesionala baizik. Oso argi dute erronka ez dela erraza, are gutxiago ikastetxeko irakasleriaren % 80a urtez urte berritzen denean. Eta erakusteko ez dela hitz soil pare bat bakarrik, aurki martxan jarriko dute zeresan asko emango duen proiektu bat: Aberastasun gela. Ados, egia da izena bakarren bat baino gehiagori urtikaria apur bat sor dakiokeela, baina lasai ikasle agurgarri hori, esperientzia aberasgarri bezain ikusgarriak izateko parada emango dizu! Ez utzi aukera hau galtzen, gutxik baitute eskainiko dena probatzeko aukera. Adi egon behar duzue!
Gaur ordea ikastetxean ezin saiatuago den lankide bati buruz hitz egingo dizuet eta ikasleentzat prestatu duenaz. Berak Maria Cuellar du izena eta idazkaria da eta teknologia arduraduna besteak beste. Jakinik ikasleen burmuinak bero-bero zeudela uda sargori eta ez-festez beteriko tarte luze baten ondorioz, ezin freskagarriagoa den zuku espezial bat prestatu die. Entzun sartu ditu bere sukaldeko irabiagailuan Lau kutxa gotor, giltzarrapo pilo bat eta iazko 3. mailakoen hezkuntzako kurrikulum puska osoa eta gordinean sakatu du trituradoraren botoia. Zaska! Tori! ihes gela laukoitza egin du. Hortxe birrindu ditu tolesgabeko garun nerabe horiek. Hain zegoen fin gazteen adimena katuari hiru hanka bilaka aritu zaizkiola, pentsa laur hiriburu ezagun zituzten eta letra kopurua zenbatu beharrean, hiztegiko zer posizioan zegoen hiri bakoitzeko letrak begiratzen hasi dira. O my goodness!
Lehergailu batek markatzen zuen denboraren ihesaldia, eta kopeta zimurtuek nekez lortzen zuten giltzarrapo bat edo beste irekitzen. Lau gotor kutxa zeuden, hamaika kolorezko sobre eta pista ugari leiho zein liburutegiko apalategietan. Ez dakit zenbat taldek lortu duen ateratzea baina sartu sartuta ibili dira eginahalean. Eta hori da ikastetxean bilatu beharreko esperientzia, hots, zerbait jardueran murgiltzea eta sentitzea denborak ihes egin dizula hondartzako harea hatzetatik nola, hainbeste gauza dituzu egiteko!
Ikasturte On eta Zori On!